31 plan Dbusen bidaiatuz Donostiaz gozatzeko

Dbusen Hip Hip Uda! gida sortu dugu uda honetan gure hiriaz gozatzen laguntzeko. Autobus linea bakoitzeko plan bat, klasiko handiak eta gutxiago ezagutzen diren proposamenak aurkituko dituzu Donostiako auzo ezberdinak ezagutzera gonbidatuko zaituztenak.

31tik 1

5 LINEA Unibertsitatea geltokia

Udako “Patxangak”

EHUko campusean lasaitasuna da nagusi udan. Berdeguneek, saskibaloi kantxek eta ping-pong mahaiek kirol plan ezin hobea eskaintzen dute egun bero bat amaitzeko. Hondartzatik irten, bidali WatshApp bat kuadrillaren taldeari eta inprobisatu patxanga bat unibertsitate inguruan. Ondorengo plana, galtzen duenaren kontura!

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31tik 2

8 LINEA Zurriola geltokia

Hondartza, relax, surf edo boleibola

Udan ez dago planik onik ez dakarrenik, eta Zurriolan burutik pasatzen zaizkizun guztiak egin ditzakezu. Beti-betikoak, esaterako, surfa, edo liburu bat irakurtzea eguzkitakoaren azpian, eta urtetik urtera ezagunagoak egiten ari direnak ere, esaterako, hondartzako boleibola. Onena zer? Denetik pixka bat, ez beti gazta eta ogi; uda oso luzea da, gainera (edo hori gustatuko litzaiguke).

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31tik 3

9 LINEA Zarategi 71 geltokia

Pentakaren izarra

Oraindik ez dakizu zein den zure kirolik gustuoena? Gutxi esperimentatzen duzun seinale. Hemen duzu proposamen bat, agian uda honetan gorenera eramango zaituena: petanka. Hurbildu Intxaurrondoko kantxa estalietara eta ezagutu lasai bezain adiktiboa den kirol hori. Aukeratu konpainia ona, eskuratu material sinple bat eta hobetu punteria. Daitekeena da uda honetan izar berri bat jaiotzea!

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31tik 4

13 LINEA Mirakruz Gaina geltokia

Uliako Mintegietatik paseoan

Eskolan, zer moduz moldatzen zinen botanikan? Nota ona ateratzen ez bazenuen, seguru Uliako Mintegietara ez zintuztelako ekarri izango zela. Bertako lorategietan paseatzea klase praktiko zoragarria izan daiteke, 38 zuhaitz mota ere dituzu-eta han. Horietako asko Udal Mintegietako lorezain arduradunek bitxikeria moduan ekarritakoak dira, parkearen helburua hori zen garaian. Asmatzerik bai japoniar astigarra non dagoen?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 5

14 LINEA Julio Urkixo 38 geltokia

Frontenis partida bat bai?

Udak aurrera egin ahala izozkiak jan eta jan eta hondartzan egon besterik ez baduzu egiten, agian berriro sasoian egoten lagunduko dizuten plan horietako bat interesatuko zaizu. Dena ez da atsedena izango, ala? Autobusean frontoi publiko askotara iritsi zaitezke. Bidebietakoa da horietako bat. Prestatu erraketa, pilota eta eskumuturrekoa, gaur arratsaldean partida dago eta.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 6

16 LINEA Funikular plaza geltokia

Igeldoko magia

Ezinbesteko plana, inoiz aspertuko ez gaituena: busa, funikularra eta Igeldoko Jolas Parkea. Berdin dio familiarekin, bikotekidearekin edo koadrilarekin bazoaz. Hemen beti duzu primerako eguna igarotzeko zerbait. Cosmicarra, Suitzar Mendia edo dortoka lasterketa bat. Zertarako bidaiatu jolas parke modernoetara hirian harribitxi hau edukita?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 7

17 LINEA Miramon geltokia

Miramondik Gipuzkoa osora

Nahiz eta gure autobusak Donostiatik irten ez, bilatu dugu Gipuzkoa osoa ikusteko modua izan dezazun: hurbildu Eureka! Zientzia Museora. Museoko lorategietan, gure probintziako eraikinik enblematikoenen erreprodukzioak aurkituko dituzu, miniaturan. Loiolako eta Arantzazuko santutegiak, baita Oñatiko Unibertsitatea ere. Bukaeran, museo harrigarri horretara sartu zaitezke, edo Miramongo Basoan paseo bat eman, zuk aukeratu. Noiztik ez zara anfiteatrora joan?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 8

18 LINEA Aizkorri geltokia

Ilunabar sekretuak

Ilunabarrak ikusteko hiriko txokorik hoberenak ezagutzen dituzula uste duzu? Seguruenik orain esango dizuguna ez da zure radarrean egongo: Serafin Baroja parkea, Seminarioaren itzalpean eta Antigua auzoaren bista pribilegiatuekin. Parkearen izena barojatarren familia ugariko kide eta Pio Baroja ospetsuaren aita izandako idazle eta ingeniariagatik da, hari zor diogu-eta Raimundo Sarriegik konposatutako San Sebastian Martxaren letra.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 9

19 LINEA Larramendi geltokia

Brunch edo Hamaiketako Errege-erregina Katolikoetan

Betiko hamaiketakoa eta orain hain boladan dagoen bruncha bereizten dituzten ñabardurak gai polita izan daitezke goiz batean konpainian onean Errege-erregina Katolikoetan solasean aritzeko. Aukeratu terraza bat, karta eskatu eta gozatu kafe on bat hartuz eta zerbait janez. Plana errematatzeko, hurbildu Easo kaleko hormako igogailura eta igo San Bartolome begiratokira. Bista ederrak, ezta?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 10

21 LINEA Bulebar 9 geltokia

Uda Urgulletik

Pribilegioa da hiri erdian mendi bat edukitzea, eta izugarri gustatzen zaigu pribilegio horretaz gozatzea. Urgullek askotariko planak eskaintzen dizkigu, baina oso berezia den bat proposatu nahi dizugu: Historiaren Etxea bisitatzea. Hortxe Donostiaren historiaz eta Donostiako jaiez eta tradizioez asko ikasi dezakezu, eta horrekin guztiarekin gutxienez maila bat gora egingo duzu donostiartasunaren eskalan. Jaisten hasi aurretik, hurbildu bolborategira, indarrak berritu eta pentsatu pirata zarela, goialdeetatik itsasontziak begiztatuz.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 11

23 LINEA Barroto 20 geltokia

Igerilekua egun batez

Hondartza asko gustatu arren, une batzuetan hondarraren ordez belarra nahi dugu, eta olatuen ordez bainu lasai bat. Orduan, Etxadiko igerilekua aukera paregabea duzu egun pasa egiteko. Prestatu liburua, toalla, eguzkitako krema eta… Gozatu igerileku egun batez!

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 12

24 LINEA Mariaren Bihotza geltokia

Okendoko Kulturetxea

Donostiarrok gure auzoetatik kulturara hurbiltzeko leihoak dira Kulturetxeak. Baliteke Okendorena jada ezagutzea, baina seguruenik harrituko zaituen zerbait aurkituko duzu bere udako agendan. Gainera, plan horrekin batera hondartzara joan zaitezke edo Gros auzoak eskaintzen dizkizun aukera guztiez gozatu.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 13

25 LINEA Zumalakarregi 10 geltokia

Ileak nahasita Haizearen Orrazian

Txoko gutxi daude Haizearen Orrazia bezain bereziak. Berdin dio behin edo mila aldiz joan zaren, Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Ganchegiren talentuaren arteko elkarketaren ondorioz sortutako espazio hau ohiko erromesaldia da donostiarrentzat eta bisitarientzat. Aspaldi joan ez bazara eta jende askorik ez dagoenean gozatu nahi baduzu, aprobetxatu eguneko lehen orduak. Haizea baldin badabil eta gainera itsasoa haserre badago… Prestatu ikuskizunaz gozatzeko!

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 14

26 LINEA Txomin Enea geltokia

Txomiñeneko ibai parkea

Urumearen ondotik kilometro batzuk paseoan egitea lagungarria izan daiteke gure hiriko paisaia oso desberdinak ezagutzeko. Berezienetako bat Txomiñeneko ibai parkean dago; landarez betetako paisaia aurkituko duzu bertan. Eta, horretaz ari garela, badakizu autobusak egon baino askoz lehenago Urumea ibaian gabarrak ibiltzen zirela, donostiarrak ibaian gora eta behera eramaten?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 15

27 LINEA Pinudi/Pinares geltokia

Grosen bazkalduko dugu?

Gros auzoa hiriko dinamikoenetako bat dela ez da ezer berria. Hala ere, beti harrituko gaitu bere eskaintza gastronomikoak azken urteotan izan duen hazkundeak, taberna klasikoak eta proposamen modernoak elkarrekin bizi diren ingurune kosmopolita bihurtu da-eta. Pentsatu zer plan nahi duzun, txuleta, noodleak, erreboiloa edo sushia, aukerak ez zaizkizu faltako. Zurekin joango denarekin non erreserbatu adostea izango da zailena.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 16

28 LINEA Bulebar 9 geltokia

Egun bat Victoria ontzian

Noiztik ez zara joan Euskal Itsas Museora? Museo txiki hau gure hiriko harribitxi handienetako bat da. Garai batean Europako kortsario portu garrantzitsuenetako bat zen kaiaren ondoko gune magiko batean dago, eta erakusketa oso interesgarriak aurkituko dituzu bertan. Horien artean, 24 H. Egun bat Victoria ontzian. Juan Sebastian Elkanoren Victoria ontzian bizitako egunetako batera eramango zaitu erakusketak. Ontzirik ez baduzu, hau izan daiteke itsasoak zeharkatzen ari zarela sentitzeko aukera onenetako bat uda honetan.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 17

29 LINEA Zubiaurre 70 geltokia

Trikimailuak skateparkean

Plan hau primeran joango da. Hain zuzen ere, skate baten edo bizikleta baten gurpilen gainean joango zara, edo irristaka ibiltzen dakizun beste edozeren gainean. Intxaurrondok sorpresa bat du, skatepark itxuran, adrenalina maite dutenentzat. Ez bazara inoiz skatepark batean egon, kontuz. Hasi pixkanaka eta erabili babesak; trikimailuak gero aterako zaizkizu! Amaitzean, trenbidera joan zaitezke, eta berdegune zoragarri bat aurkituko duzu, zuhaitzen itzalpean dauden terraza ugarietako batean edari fresko batez gozatzeko.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 18

31 LINEA Loiola 12 geltokia

Arte urbano en Loiola

Hiriko artea gustatzen bazaizu, igo autobusera eta hurbildu Loiolara. Bertako eta nazioarteko artistek, horietako batzuk auzo honetako bizilagunak izanik, muralak egin dituzte askotariko eraikin eta txokoetan. Marcos Navarro (Bartzelona), Allan Daastrup (Danimarka), Stephen Webb (Erresuma Batua), Rescate Studio (Bartzelona) edo Gora (Bilbo) dira, besteak beste, kolorez beteriko pasealeku honetan aurkituko dituzun sinaduretako batzuk.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 19

32 LINEA Katalina Eleizegi 48 geltokia

Gutxien ezagutzen den Donostiako panoramika

Itsas mailatik 118 metrora Villa Puyo Espiritualtasun Etxea dago. Lasaitasunak beste dimentsio bat hartzen du leku horretan, eta gutxien ezagutzen den hiriko panoramika ikusgarrienetako batez gozatzeko aukera ematen du. Urumearen bokalearen bista da aipagarria: ura itsasorantz doan heinean zubiak ikus baitaitezke han-hemenka. Muino pribilegiatu horretan gotorleku bat egon zen karlistaldietan, eta funikular pribatua zuen etxetzar bat XX. mendearen hasieran.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 20

33 LINEA Otxoki parkea geltokia

Denbora geldiarazi

Ametzagaina parkea gure hiriko ezezagun handienetako bat da. Bere lorategietan lasaitasuna da nagusi. Bankuetako batean eseri eta denbora igarotzen uztea plan zoragarria izan daiteke, beharbada garai hauetan oso ohikoa ez delako. Akzio gehixeago nahi baduzu, igo trastelekura eta atera berriro aspaldian erabili ez duzun kometa zahar hori. Gogoratuko duzu nola jartzen zen hegan? Parke honetatik paseatuz, antzinako gotorlekuaren aztarnak aurkituko dituzu, eta ezagutu behar duzun bitxi bat: Ubako Ama Birjinaren ermita.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 21

35 LINEA Pio Baroja 5 geltokia

Etzan Miramarren

”Bizitzako gauzarik onenak doan dira”. Ez dakigu nork esan zuen esaldi hori lehen aldiz, baina ziur lorategi hauetan egin zuela. Miramarreko belarraren gainean etzatea asko balio duten luxu horietako bat da, ezer ordaindu ez arren. Begiratu aurrera eta gozatu munduko badiarik politenaz. Sentitu brisa, gozatu isiltasunaz... ez dago hori bezain sinple eta magikorik. Halako edertasuna gehiegi bada zuretzat eta lasaitasunaz gozatzen jarraitu nahi baduzu, atzeko aldean zuhaitz batzuk aurkituko dituzu, eta haien itzalpean eguzkitik babestuko zara.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 22

36 LINEA Isturin geltokia

Eskaladako lehen “urratsak”

Eskalada da udan gehien gozatzen den beste kirol bat. Naturaren erdian dauden pareta harrigarrien argazkiak ikusten dituzunean horiek eskalatzen imajinatzen baduzu zure burua, Pio Baroja Udal Kiroldegiko rokodromoa aurkikuntza handia izan daiteke kirol horretan hasteko. Ausartzen zara mundua goitik ikustera?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 23

LINEA 37 Rodil geltokia

Ilunabarra “murruan”

Betiko plana, Donostiako udan falta ezin dena. Rodil kaletik Mompasera jaitsi, gero Saguesera joan, edo, bestela esanda, ilunabarra ikusteko hiri osoko lekurik onenera. Eseri murruan, gozatu hondartzaz goitik begiratuta, eta itxaron eguzkia sartu arte. Bidaietako leku exotikoetan, ilunabar horrek ikusleen txalo zaparrada jasoko luke, baina, horretan ere, oso hemengoak gara.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 24

38 LINEA Ulia 22 geltokia

Donostia-Pasaia mendian zehar

Jantzi oinetako erosoak, hemendik has zaitezke-eta Donostia eta Pasaia lotzen dituen bidea egiten, Ulia mendian zehar. Trekking honek ez dizu 3 ordu baino gehiago emango atsedenik hartzen ez baduzu, baina geldialdi asko egin ditzakezu itsasertzeko ibilbideak eskaintzen dituen bistez gozatzeko. Pasai San Pedrora iristean, Donibanera doan txalupa motorduna hartu eta indarrak berritu sardina batzuk janez, itsasora begira zaudela.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 25

40 LINEA Zumalakarregi 10 geltokia

Itsas kirolak badian

Paddle surfa?, kayaka?, igeriketa? Kontxako Badia paradisua da itsasoan sartu eta kirol pixka bat egin nahi dutenentzat. Etxetik irten, autobusa hartu eta ordu erdi baino gutxiagoan itsasoan egon zaitezke, handik hiria ikusten. Hasiberria bazara, utzi dauden eskolei aholkuak ematen, segurtasunez gozatzeko. Esperientzia baduzu, animatu eta joan Santa Klara uharteko hondartzara. Joaten zaren orduaren arabera, jenderik gabeko uharte batera iristen ari zaren sentsazoa izango duzu.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 26

41 LINEA Bartzelona 35 geltokia

Piknika Kristinaenean

Mikel Laboa zubia zeharkatu eta sartu gure hiriko biriketako batean. Kristinaenea parkea zentzumenetarako oparia da urteko edozein unetan, baina udan zuhaitz hostotsuek belar trinkoaren gainean itzala proiektatzen dute eta piknik batez gozatzeko txokorik onenetako bat bihurtzen dute. Atera distira zure saskiari, prestatu janari goxoa eta… disfrutatzera! Zortea baduzu, jaten ari zaren bitartean baliteke parkean bizi diren hegazterrenetako bat ikustea.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 27

42 LINEA Polloe geltokia

Tumbas ilustres

42 Lineak Egia auzotik gora egiten du, eta Polloeko udal hilerrira iristen da, han du-eta azken geldialdia. Donostiar ospetsuen eta kanpoko pertsona ezagunen hilobiak aurkituko dituzu bertan. Esaterako, gure Bilintx ospetsuaren, Ignacio Zuloaga margolariaren edo emakumeen eskubideen aldeko aktibista Clara Campoamorren hilobiak daude. Hilerriak kartel honekin ematen die ongietorria bisitan datozenei: "laster esango da zuetaz orain gutaz esan ohi dena. Hil ziren!”. Beraz... Ez zaitez geldi geratu, eta jarraitu bizitzaz gozatzen. Gida hau horretarako da.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 28

43 LINEA Igara geltokia

Ezagutu hegoaldeko zuhaitz igela

Erreparatu diozu inoiz Dbusen logotipoari? Hor igel bat aurkituko duzu. Horregatik, plan honetan hiriko igelik ospetsuena ezagutzera joatea proposatzen dizugu: hegoaldeko zuhaitz igela. Inguruan haurrak badituzu, seguru gustatuko zaiela! Jaitsi Igarako azken geltokian eta, mendian pixka bat ibiliz, bere urmaelean aurkituko duzue, gozo-gozo korroka egiten. Eman goraintziak gure partez!

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 29

45 LINEA Aiete 93 geltokia

Sentitu Sorollaren koadro batean

Bola jokoak ez du garai batean zuen ospea. Hala ere, gure kulturaren ikurretako bat da, eta Donostiako bolatokietan jokatzen jarraitzen da. Aieteko bolatokia berezia da, izan ere, auzo horretan inspiratuta dago Sorollak 1914an, Donostian egin zuen egonaldian, jokoaren eszena tipiko bat irudikatuz margotu zuen koadroa, New Yorkeko Hispanic society of American ikusgai dagoena. Iturri batzuen arabera, eszenaren toki zehatza Katxola baserria da, gaur egungo bolatokitik gertu dagoena.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 30

46 LINEA Parada Morlans 73

Nolakoa da zuhaitzen hotsa?

Gauza gutxi dago Aiete parketik paseatzea eta hango lorategien koloreez eta haize gozoak mugitutako zuhaitzek egiten duten soinuaz gozatzea bezain lasaigarri direnik. Ba al dakizu Aieteko jauregiaren ondoan, gaur egun Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea hartzen duen eraikinaren ondoan, Ana Frankek bere egunerokoaren zati bat eskaini zion gaztainondoaren aldaxka bat dagoela?

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5

31ko 31

Tb6 LINEA "Uliako aterpetxea”

Kala bat itsaslabarren artean

Ulia mendiak sorpresa bat dauka kala moduan, eta egun pasarako plan bikaina izan daiteke. Autobusetik jaisten zarenean, paseo bat eman beharko duzu kala arrokatsu horretaraino. Hartu eguzkitik babesteko krema eta motxila bat, eguna igarotzeko behar denarekin. Kangrejerak boladan daude berriro, beraz, eskuratu batzuk, oinetan ebakirik ez egiteaz gain pertxentago egongo zara-eta.

Linea kontsultatu

Partekatu plan hau: Comparte este plan - Línea 5